XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) hots, batentzat Litetatura eta Politika biak kontutan hartzekoak izatea, bestearentzat, berriz, Literatura bakarrik litzatekeelarik bere ardura merezi zuena, esan bezala, itxurazkoa bakarrik gertatzen da, bada Kafkak, gainerako gizaki guztiak bezala, oso aurrean zuen Politika, eta gizaki guztiak bezala, halaber, bere erantzuna eman zion.

Bai eta Ho Chi Minhek ere, eta ezin dugu honengan bere bizi-konpromezua zatikatu alde batetan bere ideologia totalitarioa ipiniz eta bestaldean auskalo beste zer.

Ho Chi Minhek ideologia trinkoa zuen, eta ez zituen Politika eta Literatura bereizten, Politika eta beste edozein lanbide ere bereizten ez zituelako.

Berarentzat, Politika, Literatura, Zurgintza, Iturgintza eta gainerako gintza guztiek Iraultzaren zerbitzuan egon behar zuten.

Ezin dugu ez eta Kafka ere zatikatu, eta honen aurrean egin beharko genukeen galdera honako hau da: Zergatik egin zuen Literaturaz bere obsesio nagusia?.

Kafkak ez zituen bere aurrean Literatura eta Politika izan, non bi hauetatik bat aukeratu beharko lukeen.

Idatzi egin nahi izan zuen, eta idatzi zituenak Kafka osotu horren erantzuna dira.

Idazle eta politikoen arteko tentsio hori Sarrionandiaren arazoa da, batipat, beste edozeneina baino, eta berriro esan beharrean gaude, liburu honetan bederen, ez diola aterabide onik ematen.

Asko kezkatzen du arazo horrek, eta korapilo hortatik irteteko asmoz, literaturak ideologiarekin dituen loturak aztertzeari ekingo dio gero Ideologia Dialogikoa deituriko saioan, eta ez hortan bakarrik.

Eta ideologia sistematikoa eta ideologia dialogikoa definitu eta hauetako bakoitzak izan ditzakeen bereizkarriak aipatzen dituelarik, gera gaitezen azken hauetatik guri gehien interesatzen zaigunarekin: osotasunarekin.

Ideologia sistematikoan, ideiak loturik leudeke.

Ideologia dialogikoak osotasuna du, munduaren bisio bati dagokio, baina antidogmatikoa da, kontrapundua duelako, irekirik dagoelako.

Mikhail Bakntinengandik hartzen du Sarrionandiak ideologia dialogikoaren konzeptu hau, baina hark bere Problems of Dostoevsky?s Poetics liburuan definitutako forma dialogiko edo polifoniko hori ez zaigu guri karnabala premiagabekoa bihurtuko lukeen gizarte demokratiko batetan izan ezik nobelaz gain beste inon erabil daitekeenik iruditzen.

Ez, behinik behin, berak liburu honetan defenditzen duen politika klasean.

Ez eta polifonismo hori definitu eta, piska bat aurreago dioenez, literaturak beti duen ideologian ere: Ideologiarik gabe... dialogoa eskegirik geratzen da anfora grekoa bezain utsik.